viernes, 26 de octubre de 2012

Mireia Epelde: «Emakumeen txirrindularitzari beste garrantzia bat ematen diote Italian»


Michela Fanini Italiako txirrindulari taldearekin urtebeteko kontratua sinatu du Mireia Epelde (Azpeitia, 1985) txirrindulariak. Azken hiru denboraldiak Bizkaiko Lointek taldearekin egin ditu azpeitiarrak.

Italiako Michela Fanini taldearekin urtebeterako kontratua egin duzu. Zergatik erabaki duzu taldez aldatzea?
Lointek taldean hiru denboraldi egin ditut, eta urtero gauzak ikasten joan naiz, kanpoan karrera asko eduki ditugulako. Iaz Italiako talde honek ni fitxatzeko asmoa erakutsi zuen, baina orduan ez ginen ados jarri. Aurten, berriz, ados jarri gara bi aldeak, eta halaxe hartu dut erabakia.
Italiako taldearekin jardutea zer izango da zuretzat?
Alde batetik, lasterketen egutegiari begira, berriro Giroa korritzeko aukera izango dut. Bestalde, Italiakoa talde bezala konpaktoagoa da, eta dagoen jendearen maila altuagoa da. Txirrindularitza munduan, eta talde horretan bertan, urte asko daramaten txirrindulariak daude. Uste dut kirol aldetik asko eskainiko didan taldea izango dela.
Talde honekin fitxatu ondoren, Italiara joango al zara?
Beno, nik ekainera arte lanean jardungo dut hemen, eta orain ezin dut hara joan. Baina, uztaila, abuztua eta irailaren hasiera Italian pasatu beharko ditut. Lasterketak han korrituko ditut. Beraz, joan-etorrian ibiliko naiz.
Nolako taldea da Michela Fanini?
Brunello Fanini da taldearen presidentea. Honek alaba bat zeukan txirrindularia, baina entrenatzen ari zela kamioi batek harrapatuta hil zen. Emakumeen txirrindulari taldeari alabaren izena jarri zion, haren oroimenez. Aita bera da taldearen babesle nagusia. Taldean, toki askotako txirrindulariak daude. Azarorako taldea itxi nahi duela azaldu didate.
Italiako txirrindularitzak zer dauka?
Italiarrek txirrindularitza asko bizi dute, eta han txirrindulariak izarrak bezala hartzen dituzte. Hemengoarekin ezin da alderatu. Hemen inork ez ditu Euskalduna Torneoko lasterketetako
karrerak ikusten. Han, ordea, errepideak zaletuz beteta egoten dira.
Emakumeen lasterketetan ere bai?
Bai, bai, emakumeen txirrindularitzari beste garrantzia bat ematen diote Italian. Bai lasterketen antolatzaileek, baita zaletuek ere, emakumeen txirrindularitzari garrantzia eman eta baloratu egiten dute. Prentsa aldetik ere beste ukitu edo garrantzia bat du. Italian txirrindularitza bizi egiten dute. Emakumeetan Giroa lasterketa garrantzitsua da, eta nesketan ere talde gehiago egon dira beti UCI mailan. Italiako txirrindularitzak egutegi hobea eskaini izan digu txirrindularioi.
Datorren denboraldirako nolako egutegia aurreikusten duzu?
Lasterketa asko igoal orainarteko berdinak izango dira. Baina, munduko kopako lasterketako karrera gehiagotara joango garela pentsatzen dut, Herbereetakotan izango naiz, eta Italiako Giroan egoteko aukera edukiko dut. Beraz, Munduko Kopari eta Italiako Giroari begira karrera gehiago izango ditut.
Noiz hasiko duzu denboraldi berria?
Oraindik ez digute egutegia eman, baina martxoaren hasieran edo erdi aldera hasiko garela aurreikusten dute. Martxoaren bukaeran Italian Munduko Kopako lasterketa bat dago, eta ordurako sasoiko egon beharra dago.
Entrenatzen hasi al zara?
Azken denboraldia hilabete lehenago bukatu dut, beraz hilabete aurretik deskantsatu dut. Dagoeneko, hirugarren astea dut entrenatzen. Beraz, martxan hasi naiz denboraldia ondo hasteko asmo horrekin. Nik karrera maiteak baditut, eta prestaketa plana nire gustuko karrera hoiei begira egingo dut.
Entrenamendu plana Italiako taldeak jarriko al dizu?
Ez, ez, nik nire entrenatzailea daukat. 2008. urtetik Loli Sansanorekin ari naiz entrenatzen, eta harengan konfiantza dut.
Beste lagunen batekin entrenatzen zara, ala bakarrik?
Gehienetan bakarrik, lana eta entrenamendua uztartu behar izaten baititut. Oraindik entrenatzeko ez dut bizikleta hartu; patinetan, mendian oinez… nabil. Entrenamendu zehatz batzuk egin behar izaten ditudanean zaila izaten da jendearekin egitea. Hori bai, lau ordu bizikleta gainean egin behar izaten ditudanean, igoal bai, gainera orduan jendea inguruan izatea eskertu-eta dena egiten da.
Beraz, lana eta txirrindularitza uztartu beharra dauzkazu. Txirrindularitzatik ezin da bizi?
Beno, bizi-bizi… Biziraun daiteke txirrindularitzatik. Gero, lanak ere muga batzuk ditu, ordutegia, egutegia. Zaila da dena uztartzea.
Baina, nik beti esan dut ilusioa dudan bitartean jarraitu egingo dudala. Askotan ilusioa izanda ere nahiko gogorra egiten da hainbat sakrifizio egitea. Baina, ilusioa gastatzen denean sufrimendu horrek ez dauka ordainsaririk, hor ez duzu disfrutatzen eta orduan uztea hobe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario