viernes, 8 de marzo de 2013

In Fraganti: MIREIA EPELDE

2007tik dabil Mireia txirrindularitza profesionalean. Soinketa eta ingelesa irakasten ditu Bilboko eskola batean. Euskal Biraren eta Italiako Giroaren zale amorratua, txirrindulari zalapartatsua da, «gerra" ematen duten horietakoa. Aurten Italiako Michelle Fanini taldera joan da, iaz ere talde berak tentatu ostean: «Hustuta bukatzeko fitxatu naute".

Fausto Berazadi
Zumaiako portuan eguraldi ederrarekin egin dugu berba Mireia Epelderekin (Azpeitia, 1985). Urolak ur asko dakar, botatako euriaz gain, marea ere gorantz baitator. Bi korronteek, goitik beherakoak eta behetik gorakoak, bat egiten duten seinale. Mireiak badaki zer den hori. Ustez kontrako bi sentipenen baturak igotzen baitu egunero bizikleta gainera: ekitearen sufrimenduak eta egitearen betetasunak.
Iaz Michele Fanini talde italiarretik deitu zioten. Aukera polita izanagatik, momentu hartan balantzak ezetzaren alde egin zuen. Aurten berriz ere deitu diote italiarrek, eta bigarren aukera aprobetxatu nahi izan du. Gogotsu hitz egiten du erronkaren aurrean. «Hasieran aldaketak erreparo pixka bat sortzen dizu; zer aurkituko duzun ez jakitean, gauza berria izaterakoan gehiago pentsatzen duzu. Iaz ere talde berak deitu zidan, eta, bigarrengo honetan, aukera aprobetxatu dut. Abentura hau nolanahi aterata ere probatu izanak betetzen nau, arriskatzeak esan nahi dut. Gero ez dela nahi bezala ateratzen? Etxera itzuli eta kito. Ez dut arriskatu ez naizenik esango», azaldu du argi eta garbi. Kemena eta ausardia darie bere hitzei.
Ezezkotik baiezkora pasatzeko bere burutik zer pasa den jakin nahi izan dugu. «Iaz akaso beldur pixka bat nuen, baina jada aurten neure buruari ‘probatu behar dut ba!’ esan diot. Aldaketek, hobetzeko intentzioz egiten badira, onerako izan behar dute. Aldaketa horrek dakarren onurak ez badizu balio, ez badizu ekarpenik egiten… Azkenean, balantza batean jarri dut hemen nuena eta han izan nezakeena eta probatzea erabaki dut: galtzeko deus eta irabazteko asko dudala ikusi bainuen», dio.
Euskal Herriak sona handiko txirrindulariak eman ditu eta afizio ikaragarria dugu. Apika gure orografia menditsuak izan lezake arrazoirik horretan. Mireiak gogoko ditu gure mendi malkartsu zein haran bihurriak. «Orain Bilbon lanean nabilela, Sopela eta Mungiako ingurua atsegin dut, paraje lasaiak baitira eta denetarik baitute: ordeka, mendi igoerak… eta oso gustura aritzen naiz bertan. Etxean, berriz, berdin zait; txirrindulari talde batengana lotzen banaiz, haien ibilbidea jarraitzen dut. Lagunen batekin elkartuz gero, entrenamenduan landu beharrekoaren arabera. Baina egia esan, hotz egiten duenean, kostaldera gehiago hurbiltzen gara, epelera. Entrenamenduak agintzen du gehienetan. Hartara egokitu beharra dago», agertu du Mireiak.
2007tik dabil profesionaletan eta Bizkaia eta Lointek taldeetan aritu da orain arte. Baditu kilometroak hanketan, Europan barrena. Italiako Giroa biziki maite du «Niretzako Giroa berezia da, bai. Hamar bat egun izan ohi dira, etenik gabe. Lehen aldiz joan nintzenean asko gozatu nuen. Taldean ere giro aparta genuen, harreman estuak eta umoreak lotzen gintuen; makina bat barre eginda gaude Italian! Bestalde, sufritu ere ikaragarri sufritu nuen. Italiarrek karrera, Giroa, barnean daramate, jende asko hurbiltzen da lasterketa ikustera. Berezia da eurentzat eta benetan bizitzen dute. Giroak denetik du: ordekako etapak, mendiak ere bai, bien arteko ibilbideak… denetik. Horregatik behin bukatuta, halako jipoia pasata, zurekiko ‘merezi izan du!’ pentsatzen duzu. Esperientzia bikaina izan, lasterketa amaitu, txukun ibili, sufritu eta minik ez baduzu hartzen… asebeteta eta oso gustura itzuli izan naiz handik, bai jauna!», aitortu du.
Hasi da jada Michelle Fanini taldean sartzen. «Gehienbat diziplina aldetik dator aldaketa. Oso zuzenak dira. Kontzentraziorako, adibidez, astebete lehenago eskuetan nuen egunero ordu bakoitzean egin beharrekoa. Eguneroko egitarau guzti-guztia xehetasunez dakit aldez aurretik: gosaria, medikua, entrenamenduak, masajeak, mekanikoak, elikadura… dena zehatz antolatuta dute. Oso profesionalak dira alde horretatik, seriotasun handiz dihardute. Erraztasun handiak ematen dizkidate, nire lana ahalik eta eraginkorrena izateko. Horregatik, bueltan profesionaltasun bera eskatzen didate. Egunero bidaltzen ditut nire pultsua, pisua, entrenamenduetan egindakoa… eurek jarraipen bat izan eta izan ditzakedan beharrak zeintzuk diren hobeto jakiteko. Dena dute programatuta. Nik badut prestatzaile bat eta harekin elkarlanerako erlazio egoki eta zuzena mantendu dute, egin beharreko iradokizunak errespetuan eta elkarkidetzan oinarrituta eginez», adierazi du Epeldek, italiarren savoir faire-a zehaztasunez deskribatuz.
Italiera, txirrindulari gehienek bezala, zerbait egiten du, «gehiegi gabe. Taldeko edozeinek laguntzen dit hizkuntzarekin. ‘Hau nola da? Eta beste hau?’ galdetzen dut zerbait ez dakidanean. Segituan erantzuten didate, nire jakin-mina asetzeko. Erakusteko beti eskuzabal agertzen dira eta erraztasunak ematen dizkidate», aipatu du azpeitiarrak. Era berean, euskaldun orok bezala, ez du euskararen berri eman eta erakusteko aukera galdu. «Taldekideei euskaraz hamar arte zenbatzen erakutsi diet, eta gehiago nahi dute! Hau eta bestea euskaraz nola esaten den galdetzen didate. Hizkuntza aldetik oso irekiak dira taldeko buruak, herrialde ezberdinetako jendea gaude (Bielorrusia, Estonia, Frantzia, Italia...) eta denei errazten dizkigute gauzak», argitu du Mireiak.
Mireiak hitz onak besterik ez ditu bere italiar “familia” berriarentzako. «Zuzendaria, Brunello Fanini, italiar petoa da, gizon xelebrea. Eta zintzoa gainera. Berak esandakoa da hurrengoa: lasterketako helburuak lortzen ez bagenituen ere, dena eman eta hustuta amaitzen genuela ikusi eta sentitzen bazuen, ontzat ematen zuela lasterketa. Eta horrek konfiantza ematen dizu», esplikatu du eskuekin hainbat imintzio eginez. Argi dago Michelle Fanini taldearen filosofia gogoko duela. Izan ere, italiarren izaera ezagutzen du lehendik.
Mireia nolako txirrindularia den azaldu beharko bagenu, ez genuke bere hitzak baino esplikazio hoberik aurkituko. «Nik beti erakutsi izan dut nolakoa naizen bizikleta gainean. Etapa batean tropelean iritsi eta 30. amaitu edo erasoa jo, taldearen izena erakutsi eta nire burua etaparen alde borrokatzeko arriskatu beharko banu, bigarrenarekin geratzen naiz. Nik horrela ulertzen dut txirrindularitza», aitortu du Mireiak. Txirrindulari borrokalaria da; «nire burua etapa batean asebeteta sentitzeko, nire lanarekin gustura egoteko, saltsan egon behar dut. Erasoka aritzea, taldekideen laguntzarekin eta talde ezberdinen artean, atsegin dut, ikaragarri. Batek erasoa jo, besteak erantzun, harrapatu, pedala altxa, atzetik besteak segundo eskas batzuetara izan, atzetik datozenek harrapatu eta pasa, tropela inguruan... itzela da joko hori. Horrek erakartzen nau», deskribatu du bere burua.
Lana eta bizikleta. Biak bat. Gizonezkoek ez bezala. Gorputz eta Kirol Hezkuntza ikasi zuen Gasteizen eta Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan ere egin zituen ikasketak, ingeles irakaskuntzan espezializatuz. Ikasturtea amaitu arte Bilboko eskola batean soinketa eta ingelesa irakasten ari da, bai haur hezkuntzan bai lehen hezkuntzan. Udan, irakasleen opor luzeak baliatuz, bizikletari helduko dio buru-belarri, hainbat lasterketetan tenore onean lehiatzeko. «Kirol honek asko eskatzen du, denbora exijitzen du. Egunero-egunero. Atsedena eta loa entrenamenduak bezain garrantzitsuak dira. Jatekoa ere asko kontrolatzen dugu. Beraz, lanean nagoenean jarduera bikoitza burutzea dagokit: goiz eta eguerdietan lana, eta, arratsean, bizikleta. Orain asteburuak baliatzen ditut entrenamenduak gogortzeko. Udako planteamendua erabat ezberdina da. Udan, gorputza beste txispa batekin nabaritzen duzu. Laneko afera ezberdinek ere, nahi edo ez, eragiten dizute... Egiari zor, zorteko naiz; lana badut eta maite dudan kirolean nire maila hobetzeko aukera emango didan talde batean nago», adierazi du begirune handiz.
Etxetik ezagutzen du bizikleta Mireiak, aita zalea baitu. Euskal etxe gehienetan bezala, uztaileko arratsaldeetan telebistatik ezagutu zituen Alpeak, Pirinioak, eta Champs Elysses ospetsuen eta boucle frantsesaren lilura mitikoa. Helikopteroaren motor-hotsak lagundurik. Bizikletan ibiltzen zen, edozein haur bezala, eta Elortza taldekoekin hasi zen lasterketetan. «Astearte eta ostegunetan Munategiko poligonoan entrenatzen genuen. Nik 11 urte izango nituen. Gustura aritzen nintzen bizikletan, nahiz eta neska bakarra izan. Elortza taldekoek oso ondo zaintzen gintuzten, lasterketa ezberdinetara joaten ginen, Bizikleta Festara Belodromora... garai ederrak ziren, eta izugarri ondo pasatzen genuen. Pentsa, oraindik harremana mantentzen dugu eta afariren batzuetarako biltzen gara», gogoratu ditu garai haiek irribarre zabal batekin.
Neska bakarra izaki, mutilen artean nola moldatzen zen galdetzean, «pikeak izaten genituen, bai. Motots bat ikusten zuten haiek, kasko, maillot eta txirrinda artean. Gogoan dut infantil mailako bigarren eta azken urteko lasterketa bat, Eibarren. Ni jada ondo moldatzen nintzen mutilen artean, maila polita erakutsiz. Bada, lasterketa hartan, hirugarren eta laugarren postuak jokatzen genituen. Ihesean mutil bat eta ni gindoazen. ‘Podiuma honek kendu behar al zidak? Neska honi irabazi behar zioat ba!’ pentsatuko zuen hark, amaierako esprintean ia bihotza ahoko zulotik irten baitzitzaion... Gero barre egiten genuen, oso ondo konpontzen baikinen. Pikea bazen, bai, batez ere lasterketaren baitan, baina gero jendea jator portatzen zen nirekin. Egia esan, bizikleta gainean ez naiz ezkutatzen diren horietakoa izan eta ausardiaz eragiten nien pedalei», onartu du. Andiamo Mireia, andiamo!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario